07Ekaina2023

004.jpg
frankismoa web

Frankismoak herrian utzi zigun lekukotza, Gurea erakusgelan

Aritza Kultur Elkarteak hiru urte daramatza Frankismoak Amasa-Villabonan eragindako zauriak aztertzen. Hainbat aztarna garrantzitsu aurkitu dituzte eta hori guztia herritarrekin elkarbanatu nahi dute. VIllabonako Udalaren laguntzarekin 'Frankismoa Amasa-Villabonan' izeneko erakusketa antolatu dute, martxoaren 14tik 29ra ikusgai izango dena Gurean. Gure herriaren pasarte ilunenetakoak argitzera dator Aritza, iraganari begiratu bat botatzea beharrezko delako, etorkizuna eraikitzeko.

Ikusi kartel osoa eta ordutegiak

Ikusi aurkezpen bideoa

Frankismoa  Amasa  Villabonan erakusketa copia

Frankismoari buruzko erakusketa, Gurean

Aritza Kultur Elkarteak hiru urte daramatza Frankismoak Amasa-Villabonan utzitako aztarnak aztertzen. Villabonako Udalaren laguntzarekin, azken urteotako ikerketen emaitzak jarriko dituzte ikusgai Gurea erakusgelan, martxoaren 14tik 29ra. Orain arte isilpean gordetako egia ugari azaleratuko dituzte, Frankismoaren ondorioak jasan zituztenei dagokien aitortza eginez.

Osoko Bilktura otsailak 20

Villabonako Udalak Frankismoaren biktimen aldeko aitortza publikoa egin du

Gobernu Taldeak (BILDU) aurkeztutako adierazpen instituzionala aho batez onartu zen joan den asteazkenean, otsailak 20, egindako  Osoko Bilkuran. Ø  Modu honetara, 1936az geroztik, desagertu, atxilotu, torturatu, hobi komunetan lurperatu zituztenei aitortza publikoa egiteko konpromisoa azaldu zuten Udaleko ordezkari guztiek. Ildo beretik, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak aurkeztutako Frankismoari buruzko mozioak BILDU, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien baiezko boza jaso zuen.

Nabarmentzekoak dira baita Hyuck Wangner (Perot)-eko langileek aurkeztutako mozioaren onarpen bateratua eta Bai Euskal Herriari herriko ekimenaren "Gurea Ikurriña!" mozioarena,
azken hori BILDU eta EAJ-PNV alderdien aldezko bozekin, eta PSE-EE abstentzioarekin.

"2011-2012 urteetan zehar, Aritza Kultur Elkarteak Villabonako Udal Artxiboan (baita Euskal Herrian bertan zein haratagoko Artxiboen arakatze etenik gabeko baten ondorioz) garatu duen (eta oraindik garatzen ari den) ikerketa lan baten emaitza modura, Udalbatza hau informazio argigarri, nabarmen eta aldi berean latz batzuen jakitun izan da. Esan bezala, ikerketa lan horren emaitza oraingoz Frankismoaren Aztarnak Arakatzen liburua izan bada ere, liburu honen publikazioak, ordea, sare baten moduan, ikerketarako ildo berriak proposatzen jarraitzen du. Esan gabe doa, gure historia (beste historia) eta ezkutatua izan den egiara gerturatzeko ahalegin itzela den neurrian gure babesa izango duela". Galder Azkuek, Villabonako Alkateak, Udal Gobernuaren izenean irakurri zuen adierazpenaren zati bat da goikoa. Joan den otsailaren 20an egindako Osoko Bilkuran, Aritza Kultur Elkartetik lantzen ari diren lan ildoak aintzat hartuta, BILDUk aurkeztutako adierazpena onartu zen, aho batez.

1936az geroztik, desagertu, atxilotu, torturatu, hobi komunetan lurperatu zituzten villabonatar denei aitortza publikoa egiteko konpromisoa hartu zuten alderdi politiko guztiek:  "Haien senide eta hurbilekoak jasan zuten sufrimendu, umilazioa eta kaltea onartu eta Udal honek bere esku dagoen dena egiteko konpromisoa hartzen du. Amasa-Villabonako herritarrok garai horretan bizi eta sufritu zutenaren berri zehatza izan nahi dugu eta Udal honek konpromisoa hartzen du, hainbat eragile garatzen ari den ikerketa lanen dibulgazio lanarekin bat egiteko".

Frankismoaren bueltan baita ere, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak aurkeztutako mozioa onartu zuten BILDUk, EAJ-PNV-k eta PSE-EE-k. Adierazpenaren onarpenarekin, Villabonako Udalak bere laguntza eta atxikimendua ematen dio Maria Servini epaile argentinarrak herrialde hartan daraman genozidioaren eta gizateriaren aurkako krimenen kereilari.

Euskal nortasunaren alde, guztiok bat
Osoko bilkuran Bai Euskal Herriari herri ekimenak aurkeztutako Gurea Ikurriña! mozioa onartu zen. BILDUK eta alderdi jeltzaleak aldeko boza eman zuten. Sozialisten bozeramaile den Maria Luisa Arijak, aldiz, abstentzioa bozkatu zuen. "Euskal nortasuna eta gure nazioaren izatea ukatu nahi dutenen aurrean zutitzeko deia luzatzen diogu euskal jendarteari. Inposaketen aurrean herri gisa erantzutea ezinbestekoa da", berretsi zuen Galder Azkue Villabonako Alkateak. Zentzu horretan, alkateak, Gobernu Taldearen izenean, antolatzen diren egitasmo guztietan parte hartzeko deia zabaldu zuen. Era berean, herriko jaietan nahiz Aberri egunaren testuinguruan, Ikurriña eta euskal ikurrak etxetako balkoietan zintzilikatzeko, eta martxoaren 9an, eguerdiko 12:00etan INPOSAKETARIK EZ, GEUREA IKURRIÑA! lelopean, Tolosan egitekoa den manifestazioarekin bat egiteko eskatu zien herritarrei.

Parot doktrina, oinarrizko eskubideen aurkakoa
Udal Taldeak Parot Doktrina deituriko mozioa aurkeztu zuen pleno ekitaldian eta hau ere aho batez onartu zen. Idatziak dio, besteak beste: "2012ko uztailean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak, aho batez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 197/2006 doktrina (Parot doktrina gisa ezagutu dena), ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi ondoren, berau bertan behera uzteko eskatzen du udal honek. Ondorioz eta nazioarteko giza eskubideen legeria aplikatuz, 197/2006 doktrina aplikatu zaien euskal preso guztiak berehalakoan aske uzteko eskatzen dugu.  Euskal Herrian bizi dugun itxaropen eta konponbide aukeraren aurrean, euskal presoen aurkako salbuespeneko legeria bertan behera uzteko eskatzen du udal honek. Ebazpen honen berri, herritarrei eta Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako Komisionatua den Nils Muiznieks Jaunari ematea erabakitzen da".

Peroteko langileei elkartasun adierazpena
Hyuck Wangner (Perot)-eko fabrika zizurkildarreko langileek Villabonako Udalaren elkartasuna dute. Peroteko langileek enpresaren egoera lazgarriari buruzko mozioa aurkeztu zion Udal Gobernuari, eta honek Osoko Bilkurara eraman zuen. Alderdi guztiek enpresako langileei euren solidaritatea erakutsi nahi izan zioten, mozioaren aldeko boza emanez.

Zizurkilgo fabrikan dauden 81 langileetatik 75 kaleratuak izango dira. Langileek aurkeztutako testuan jasotzen denez, lantegia hustutzeko erabakia "soilik estrategikoa izan da". "Aurrera eraman nahi duten lekukotze edo berrantolaketa hau, oraindik diru gehiago irabazteko asmoz hartutako erabakia da, eta ez dute kontutan hartu nahi, 75 langile, 75 familia, kalean utzi nahi dituztela, lantegiak dirua ematen duen bitartean, produkzio maila hoberena duen bitartean eta orain egin beharreko inbertsioa aspaldi aurreikusita zegoen bitartean", salatzen dute Peroteko langileek.

Mendebaldeko Saharako lurraldearen defentsan
Osoko Bilkuran beste zenbait erabaki hartu ziren. Esaterako, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zeneko 37. urteurrenean, Tolosaldea Sahararekin elkarteak  Villabonako Udalbatzari aurkeztutako mozioa eztabaidatu, bozkatu eta aho batez onartu zen. Udalak, beraz, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan etengabe gertatzen diren manifestazio eskubidearen zanpaketa, atxiloketak, torturak eta tratu txarrak, bortxaketak, desagerketak, deportazioak eta orokorrean giza eskubideeen aurkako erasoen "ezbairik gabeko salaketa eta gaitzespen bortitzena"
adierazi zuen.

logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.