Errebotea Villabonako artxiboan

Jakin badakigu pilota dela Villabonatarren kirolik kuttunenetako bat. Errebotea bereziki, antzinatik datorren jokoa da, nahiz eta gaur egun beste kirol batzuen indarrak baztertu duen. Artxiboko dokumentuen artean murgilduta, kirol honen inguruan hainbat agiri topatu dugu.

1733Honela, pilotari erreferentzia egiten dion agiririk zaharrena 1733 urtekoa da. Akta liburu bateko erabakien artean azaltzen da "Oindokopelotalekua" izeneko aurkintza edo parajetik egurra ateratzeko baimena. Ezaguna da artzainak eta baserritarrak mendian zeuden bitartean boteluzea izeneko pilota jokoa egiten zutela, binaka, leku zabal eta lauetan, eta sakerako harri berezi bat erabiliaz. Hortik dator Villabonako paraje horren izena.

1844

Ia 100 urte beranduagokoa da hurrengo erreferentzia, 1844 urtekoa. Orduan, udaletxea berreraikitzen ari ziren 1812 urteko suteak guztiz kaltetu baitzuen. Eraikuntza berri hau egitearekin batera plaza eta pilotalekuan ere berrikuntza lanak egin  ziren.

Garai hortatik aurrera pilotak orokorrean eta erreboteak bereziki indar nabarmena hartuko du eta gure artxiboan erreferentziak ugarituko dira. Aipatu beharreko agiria da 1847 urtean Gobernadore Zibilak bidalitako agindu bat. Bertan, otsaila eta ekaina bitartean Villabonako pilotalekuan errebote partiduak jokatzea debekatzen du: "...por proporcionar ocasión a intrigas y confabulaciones al orden público...".

1889Hala ere, kirolak indarrean darrai eta 1889 urtean herritarrek frontoi egokiago baten beharra defendatzen dute udalean aurkeztutako gutun batetan: "...la conveniencia y oprtunidad de la construcción de un frontón, en estos momentos en que el juego de la pelota va adquiriendo tan notable crecimiento que no se desdeñan en asistir al hermoso  espectáculo las clases más cultas y distinguidas de la sociedad...".
Gutun honetan, osasunaren inguruko arrazoiez gain ("...mejor medio para vigorizar el organismo individual y prestar agilidad, destreza y robustéz a los músculos, convirtiendo al jóven débil y enfermizo en fuerte, robusto y animoso...")  ekonomikoak ere argudiatzen dira. Bai pilotarien onurarako ("...basta fijarse en las cantidades fabulosas que se están pagando a los que han conseguido adquirir algunos conocimientos en ese que hoy puede llamarse arte...") eta baita herria eta udalerako ere  ("...su realización sería productivo... ingresando, sino directamente, indirectamente en las arcas municipales por la inebitable ley económica del cambio...").

Eta ez da gutxiagorako, Iparraldeko eta Hegoaldeko errebote pilotarien artean lehia eta txapelketa ugari ospatu baitira Villabonan bertan. Artxiboan dugun zaharrenetako bat 1894 urteko akta liburuan jasotzen dena da, Santa Ana egunekoa. Ordutik aurrera, gero eta ugariagoak izango dira pilota partidu hauek eta baita artxiboan honen inguruan dauden agiriak ere, baina guk bi nabarmenduko ditugu.

1949Lehenengoa 1949 urteko gutun bat da. Echeverry pilotariak bidaltzen du Baionatik. Egindako harrera ona eskertuz eta mugaren bi aldetako errebote taldeen arteko erlazioak sakondu eta partiduak gehitzeko eskatuz. Garai honetakoa da Villabonako elkarte zaharrenetako bat eta errebote eta beste kirol batzuen inguruan aritua dena, Behar-Zana elkartea. Hau 1946 urteko maiatzean eratu zen eta gaur egun oraindik ere haurrei pilotan erakusten eta partiduak antolatzen  jarraitzen dute.

Bigarrena 1971 urteko argazki bat da. Bertan ikusi daiteke Fagoaga, Unhassobiscay eta Irigoyen Donibane Lohitzuneko Errebote Taldeari txistulari eta guzti egindako ongietorria.

1971Kirol honek, tamalez, beherakada nabarmena sumatu du hegoaldean gelditzen zitzaion azkenengo txokoan. Garai txarrak direlako, futbola inposatu delako,... auskalo! Ea hitz hauek bultzada txiki bat ematen dioten eta etxean gordetako xistera zaharrak atera eta haurrak trebatzen hasten diren.

 

Iturria. Amagoia Piá. Ereiten Kultur Zerbitzuak